XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Burutapen hauek baztertzeko borroka bizian zebilen; baina une bakoitzak gogomin izugarria sortzen zion, ez bait zekien gaisotasunaren lehen sintomak noiz agertuko ote ziren.

Gela ilun batetan etsai baten sastada noiz jasoko zai balego bezala sentitzen zen; eta honegatik, denbora guztia nerbioak tentsioan zituen.

Egun guztian ez zen bere aho tartetik ogi mamirik ez ur tantarik igaro; eta arratsaldean, zorabio une bat izan zuenean, gaisotasunaren lehen sintoma zela uste izan zuen.

Argia azkar desagertzen ari zen eta iluntasunean hiltzea jasanezina egiten zitzaionez, kandela bat piztu eta berriz ere bere aulkian eseri zen, zai eta Jainkoari bere burua egotziz.

Etxearen barnealdean eta kanpoaldean isiltasun sakon izugarri bat somatzen zen, eta giroan ikara sortzen zuen zerbait nabari bazen ere, sedaoihal merkatariak lasaigarri aurkitzen zuen.

Isiltasuna hain zen benetan bizia, non bizitza eta konzientzi propioa zituela bait zirudien, eta une bakoitzean, eternitatearen belarrietan salmu goitsu batez puztutzen zela bait zirudien.

Honela jarraitzen zuen Markek, entzunaz, isiltasun hartan hiltzeko konfiantzaz, pipiak eta udako insektuak udazkeneko gau batetako gelditasunean hiltzen diren antzera.

Azkenean, isiltasunean zarata bat entzun zuen.

Aditu zuen... eta goiko geletan oinkadak entzun zituen; eta berehala, eskaileretan behera zetozela ohartu zen.

Haiek entzutean, beldurraren beldurrez zurbil gelditu zen, Deabrua bere tentazioekin hasiko ote zen beldurra bait zuen edo ta Heriotza ikutu daiteken itxuraz bereganatuko ote zitzaion.

Oinkadak poliki eta kontu handiz eskailerapera iritsi ziren (...).